2011/02/25

Martxoak 13 Amaiurren

Nafarroa Bizirik! 1512-2012 taldeak elkarretaratzea deitu du martxoaren 13an Amaiurren. http://www.1512-2012.com/ Nabarrako Herritarren Ekhimenekook ekintza honen aldeko gure jarrera erakutsi nahi dugu.

Duela ia bost mende, 1522eko urtean zehar, hainbat nafar Amaiurreko gazteluan gotortu ziren kendu zieten askatasuna defendatzeko. Askatasun hau, ez zuten inorengandik lortu nahi; mendeetan zehar defendatutako independentzia berreskuratzea zen haien helburua. Baskoien herria gai izan da autodeterminatzeko, eta azken mendeetan zehar eskubide oinarrizko hau ukatu egin zaio.

Denbora guzti honetan, Vaticanoak lagundutako Espainiar eta Frantziar estatuen menpe egonagatik ere, gure nortasuna mantendu dugu, eta gaur ere prest gaude galdutako askatasuna berreskuratzeko. Garenaz harro gaude, bizi gara, baina gure kasa bizi nahi dugu, aske.

Espainiak eta Frantziak euren legeak indarrez inposatu dituzte gure lurrean, eta beraz ez dira bidezkoak. Nafartarron borondatearen kontra inposaturiko legedi antidemokratikoak dira. Eta hau, gure herriak berak legedi honen aurrean izan duen jarreran isladatzen da.

Nafarroak jasan dituen hainbat konkisten ostean, eta bereziki 1512koaren ondotik, etsaiak erresistentzia aurkitu du beti; baina inoiz ez dugu lortu askatasuna berreskuratzerik. 1054, 1060, 1134, 1136, 1172, 1200, 1451, 1463, 1512 eta 1620ko data tristeetako gertaerei hortzak erakutsiz, nafarrok gure askatasunaren defentsan jardun dugu buru belarri; hala nola, 778 eta 824ko Orreagako batailetatik hasita, 1512, 1516, 1521, Amaiurko 1522 horretatik pasatuz, 1524, 1833, 1872, 1936 eta baita 1975ean hasi zen Trantsizio deitutako engainu horretan ere. Denak ezeren truke: preso jarraitzen dugu.

Kontura gaitezen, eta ez gaitezen itsuak izan: etsaiak du guzi honen erru printzipala, bai, baina gu ere ez gara gai izan batasun oso batean kalera atera eta askatasuna lortzeko, geure buruaren jabe izateko. Guk ere badugu, beraz, egoera honen ardura handi bat; gero eta handiagoa, konturatu behar baikara gure herria gero eta ahulago dagoela.

Hala ere, gaur berriz ere, hemen bildu gara XXI mendeko nafartarrak, Amaiurren, Jaime Velaz eta bere kide adoretsuen oihua berriro ere plazaratzeko: gure izaera, aske izatea dela, eta ez diogula inolaz ere muzin egingo lortutako askatasunari.

Askatasuna da gure jatorria, gure lema, gure bidea eta gure helmuga.

Gora Nafarroa osoa!